2007/01/01

ALLARTE 2006 | urteko balantzea

Aurtengo udan Ondarroan zehar zabaldu genituen isurketen arazoaren inguruko galdetegietan jendeak idatzitakoa aztertzen genbiltzala jaso genuen berria Hitza bidez: Jaurlaritza Mijoako saneamenduaz arduratuko da (HITZA, 2006-9-28).

Dudarik gabe, urte luzeetan isurketak salatu eta aurreko urtean euren sinadura eman zuten 1500 pertsonen garaipena da hau. Eguzkikook sinadura horiek udaletara, Diputazioetara eta Jaurlaritzara bidali baikenituen. Ondorioz, Jaurlaritzak atentzioa deitu zion Mutrikuko udalari eta hau mugitzen hasi zen. Horren emaitza dugu orain Jaurlaritzak hartu duen erabakia. Zorionak, beraz, isurketen kontra sinatu zenuten guztioi.

Baina arazoa ez da hemen amaitzen, inondik inora. Batetik, gure ibai eta hondartzetako urak zikin jarraitzen dutelako. Duela bi uda goizero hondartzetan agertzen ziren zaborrak neurtu genituen: harrituta geratu ginen Saturraranen agertzen zen olio solidifikatu piloarekin. Aurtengo abuztuan uren zikintasun maila neurtzen ibili gara hondartzetako uretan: hiru egunetik behin, gutxienez, ura zikin edo oso zikin agertu da. Jendeak galdetegietan emandako erantzunetan, argi geratzen da hau: erantzun zuten 108 pertsonetatik Saturraranen uren kalitatea erdipurdikoa (%14,54), txarra (%23,63) edo oso txarra (%56,36) dela eta Arrigorrin erdipurdikoa (%21,81), txarra (%36,36) edo oso txarra (%23,63) uste dute gehienek (besteek –gutxiengoak- ontzat ematen dute uren kalitatea), eta azken urtean kalitatea txatu (%63,63) edo berdin mantendu dela (%30,90). %3,63arentzat bakarrik hobetu da uren kalitatea.

Gainera, irailean egin zituen egun euritsuetan enpresa batzuek euren zikinak Artibai ibaira bota zituzten. Hauetako batzuk harrapatu ere egin genituen, eta salaketa jarri genien. Isurketa hauen aurrean Hitzak azaldu zuen jarrera ere bikaina izan zen: jendearen salaketak bere egin zituen (HITZA, 2006-10-14), ezinegonak bere orrietara eramanez. Lortu ere lortu du kontserba fabrika batek Kamiñazpin zituen saneamentu instalazio eskasen konponketa ahalbidetzea. Bestalde, Ondarroako portuan ere gauzak “zikin” jarraitzen dute, eta bertako arduraduna jarrera inmobilistan dago. Portu horretan ez dago kontrolik, kamarak jendea kontrolatzeko daude, baina ez bertako kideen irregulartasun larriak jazartzeko. Euren portuan loturik dauden txalupak zaintzeko ere ez dira gai, hauetakoren batek Saturraranen ere amaitu baitu! Eta ez da barre egitekoa. Itsaso zakarra Saturraranen bertan txalopa txikitzen ari da, lehen ere zikina zegoen ura gehiago zikinduz. Larriagoa izan zitekeen, itsasontziak gasoil deposituak beteak baitzituen.


Aurtengo udan aldaketarik zegoen ala ez ikusten aritu gara. Batzuk mugitu dira, baina beste batzuk eurenean jarraitzen dute. Oraindik negua daukagu aurretik, eta gauzak hobetzeko ahalegina egin dezakegu. Baina datorren udan gure ibai, portu eta hondartzetako urek berdin jarraitzen badute mobilizazioei ekingo diegu berriro. Jendeak, galdetegietan, hainbat ideia eman baitizkigu.

Labels: , , , , , ,

2006/07/23

ALLARTE 2006 | udako egoeraren azterketa

Ondarroako Eguzkik urte asko daramatza gure urek pairatzen duten isurketen arazoa konpondu nahian. 2005ko udan, pauso bat gehiago emanez, sinadura bilketa bat burutu genuen Mutrikuko Natur Taldeko lagunekin eta 1500 sinaduratik gora jaso genituen. Sinadura horiek argi uzten zuten jendea oso kezkatuta zegoela (eta dagoela) gure uren kalitate eskasarekin eta isurketen arazoarekin.

Sinadurak babes modura hartuta, isurketen gaineko errespontsabilitateak (edo errespontsabilitate faltak) zeintzuenak ziren zehaztu eta konponbideak eskatzera jo genuen. Lortu ere, lortu dugu zerbait. Baina lan asko dago egiteko. Azterketa horren ondorioak blog honetan azaltzen dira.

Zure iritzia ere jakin nahi dugu, kritikak jaso eta baita proposamen berriak ere. Herritarron parte hartzerik gabe ez dago isurketekin amaitzerik! Animo, idatzi blog honetan! Edo idatzi herrian zehar banatu ditugun Galdetegietan!

2006/07/21

Saturrarango erreka | 2006ko uda

Egoera:
Mijoako poligonoko enpresek kutsadura asko sortzen dute eta egun dagoen depuradora txikiegia da eta ezin izaten du dena garbitu. Bestalde, bertan dauden kontserba fabrikek isurtzen duten ur gazituak depuradora izorratzen du.

Aurreko udan hondartzetan uren kalitatearen jarraipena egin genuen. Goiz askotan, Saturrarango hondartzan olio solidifikatua aurkitzen genuen. Gero garbitzaileek eramaten zituzten, hondartzara jendea etorri aurretik. Honek egoeraren larritasuna norainokoa den erakusten digu.

Irtenbideak:
Aurreko urteko gure kanpainari esker Eusko Jaurlaritzak Mutrikuko Udalari eta Gipuzkoako Ur Partzuergoari exijitu die dagoen depuradora berritzea, eta kanalizazio baten bidez Mutrikuko depuradora handira urak bideratzea.

Kontserba fabriketako ur gaziak mekanismo desberdinen bidez kostaldetik distantzia batetara eraman eta bertan isurtzeko konpromisoa ere hartu da.



Ondarroako portua | 2006ko uda

Egoera:
Portuan eskumenak banatuta daude. Jaurlaritzaren ordezkari den portuko agintariak moilak garbitu eta txukun garbitzeko eskumena dauka soilik. Uren kalitatearen ardura Gobernu Espainiarraren Itsas Kapitaniaren esku dago. Sarritan, egoeraren errua elkarri egotziz, pilota bata besteari pasatuz ibiltzen dira.

Gasolioa gestionatzen duen enpresak oso material txarra eta zaharra erabiltzen du. Olioa edota gasolioa itsasontzietan sartzerakoan erregaiak gainez egin arte itxaroten dute, eta kopuru bat itsasora isurtzen da. Behin tankeak beteta mangerak atera eta lurrean uzten dituztenean, hauetan geratzen den erregaia ere itsasora isurtzen da. Era berean, txalopek baimenik eskatu gabe garbitzen dute euren kubierta edota makinaria.

Kakalekuan estolderietako ur zikin gehiena isurtzen da. Bertako ur zikina aprobetxatuz, portuko bodega askok ere bertara botatzen dituzte euren hondakin organikoak (arrain hezurdurak-eta).

Itsasontzien desguazea ere isurketa gune garrantzitsua da. Bertan sortzen diren hondakin asko itsasora doaz zuzenean, ez baitago desguazea itxita mantentzen duen ezelako mekanismorik.

Erakunde biek ala biek egoera berdin bat salatzen dute: ez daukatela bitartekorik (ez dagoela dirulaguntzarik) materialak berritu eta teknologia berriak ekartzeko. Portuko eragile desberdinek batzar bat egitea lortu genuen, eta batzar horietatik irtenbideren bat edo beste atera zen.

Irtenbideak:
Komandantziak itsas ontziei euren olio eta gasolio poteen kopuruaren araberako justifikanteak banatzeko asmoa erakutsi du, horrela erregai hauen gaineko kontrola eramateko. Eusko Jaurlaritzak ere dirulaguntzak eman ditu portua garbitzeko.

Eraikitzen ari diren depuradora berriak ere Kakalekuko estolderietako uren isurketak konponduko ditu. Ez ordea bodegetako zikin organikoen arazoa.

Ekintza hauek interesgarriak badira ere, ez dugu uste isurketen arazoa guztiz konponduko dutenik.

Batetik, desguazearen inguruan ur zikina jasoko duten mekanismoak ezarri behar dira, igerileku antzekoak edo sortuz. Beste herri askotan badaude halako konponbideak.

Bestalde, kutsadura sor dezaketen jardueren kontrola ere areagotu egin behar da. Portua kameraz josia dagoela jakin badakigu, eta hauek duten zoomak aukera handiak ematen ditu isurketak non eta nola burutzen diren jakiteko. Kamara hauek kontrol sozialerako erabili ordez bestelako funtzio sozialetarako erabili beharko genituzke.

Era berean, txalopetan erregaia sartzeko eta hauetan garbiketak egiteko baimen eskaera sistematizatu behar da. Jaurlaritzak portuan dituen zaintzaileen kontrolpean burutu behar dira jarduerok.

Bestelako erabakirik hartu aurretik, kontzientziazioa bultzatu eta abisuak ematea hobesten dugu. Hala ere, behin eta berriro, eta abisu bat baino gehiago jaso ondoren, isurketak burutzen jarraitzen duenari isun altuak ipini beharko zaizkio, bere ekintzak osasun publikoaren eta ingurumenaren kontrako ekintzak baitira.

Portuko material eta makinaria berritzeko dirulaguntzak ere exijitu behar ditugu. Ulergaitza zaigu agintariak euskal kostaldea superportu berriz josten egotea, dirutzak gastatuz, eta jada dauzkagun portuak hobetu eta egokitzeko dirurik ez egotea.













2006/07/20

Artibai ibaia | 2006ko uda

Egoera:
Jaurlaritzak egindako ikerketen arabera, Artibai ibaia da Arrigorri hondartzako kutsaduraren eragile nagusia (portua baino gehiago). Kutsadura honen arrazoiak anitzak dira. Batetik, etxeetako ur zikinak errekara botatzen dira, ibaiaren puntu desberdinetan. Etxeetako urek sortzen duten kutsadura aprobetxatuz, hainbat enpresak euren ur zikinak ere errekara botatzen dituzte, ahalik eta disimulurik handienarekin. Zenbaitetan, ordea, ehunka arrain hilda agertzen badira, enpresaren batek bere isurketak ondo kalkulatu ez dituelako da. Ez da kasualitatea euria egin eta ibaia hazita datorrenean ibaia normalean baino kutsatuago etortzea: ur nahasietan isurketak gutxiago igartzen direla ondo dakite askok. Kasu alarmagarriagorik ere ezagutzen dugu: Artibai ibaia zein zikina egoten den jakinda, Lea ibarretik gure ibaira bere ur zikinak isurtzera etorri den enpresarik ere ba omen da.

Enpresa hauetako askori isunak ezarri zaizkie, eta penalizazio hauen ondorioz enpresa batzuetan kontrol “ekologikoa” areagotu egin dute. Hala ere, isurketek jarraitu egiten dute, eta oso zaila da hauen egilea zein enpresa den jakitea: langile asko isilik egotera behartuta daude, enpresak esan baitie isurketen kontrako neurriak hartzeak euren soldatetan “eragina” izango duela. Normala eta ulergarria da askok beste alde batetara begiratzea.

Beste puntu beltzik ere bada ibaian zehar. Adibidez, Astilleruko kirol portuko arlanpa. Desguazean gertatzen den modura, hemen ere ez dago kontrolik, eta txalupak garbitu edo margotzerakoan hondakin asko ibaira joaten dira.

Irtenbideak:
Etxeetako ur zikinen kasuan, depuradorak hauek desagerraraziko dituela pentsatzen dugu. Ibaia garbiagoa egonda, enpresek ere euren isurketak gehiago kontrolatuko dituztela uste dugu, ez baitzaie hain erraza egingo euren delitua disimulatzea. Hala ere, isurketek jarraitzen duten ala ez jakiteko, kontrol zorrotzagoa eskatzen dugu. Era berean, enpresak euren hondakinak kudeatzeko inbertsioak egitera bultzatu behar dira. Eta, beste kasuetan bezala, abisuak eman ondoren egoerak berdin jarraitzen badu, azken erremedioa penalizazioa litzateke. Isunen kasuan, eta baita inbertsioenean ere, langileen soldatek kalterik izan ez dezaten bermatu behar da.

Kirol Portuko arlanparen kasuan ere kontrola zorroztea da irtenbidea. Kirol Portuan badaude zaintza lanak egiten dituzten “seguratak”. Hauei, portu txikiko jabetzak zaintzen dituzten bitartean, ez zaie ezer kostatzen arlanpan egiten dena ere zaintzea.